Mancomunidad de Malerreka

Norberaren eta hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu erabiltzaile gisa duten esperientzia hobetzeko. Webgune honetako edozein estekatan klik egitean, zure nabigatzailean horiek instalatzeko baimena ematen diguzu.

07/03/2024

MANKOMUNITATEAK 2023AN HONDAKINAK MURRIZTEN ETA HORIEK KUDEATZEN JAUZI KUALITATIBO HANDIA EMAN DU

Malerrekako Mankomunitateak 2023an zenbait ekimen martxan paratu ditu hondakinen sorrera murrizteko, eta sortutako hondakinak behar bezala kudeatzeko. Ekimen horiek Nafarroako Gobernuak diruz lagundu ditu, “2022ko Hondakinen Urte Anitzeko Funtsa” eta “2023ko Hondakinen Urteko Funtsa” deialdien bidez.

Malerrekako Mankomunitateak, hondakinen inguruan dagoen arazoaz jabetuta, urratsak ematen jarraitzen du hondakinek ingurumenean sortzen duten eragina arintzeko.

Ildo horretan, 2023an, mankomunitateak hainbat ekintza eta kanpaina garatu ditu hondakinen sorrera murrizteko eta sortutako hondakinak behar bezala kudeatzeko. Horretarako, arestian aipatutako bi dirulaguntza deialdietan 36.000 euroko dirulaguntza jaso du mankomunitateak. Gogoan izan behar da Nafarroako mankomunitateek zabortegira bideratzen duten hondakin tona bakoitzeko ordaintzen duten kanonaren bitartez hornitzen dela “Hondakinen Funtsa” izeneko diru poltsa. Urtean zehar poltsa horretan bildutako dirua entitateei itzultzen zaie zenbait irizpide kontuan hartuta, adibidez, hondakinen kudeaketa hobetzeko egindako ekintzak, hondakinen murrizketa edo balorazio eta birziklapen datuak.

Zehazki, 2023ko Urteko Funts horren dirulaguntzarekin, Malerrekako Mankomunitateak Doneztebeko garbigunean bigarren eskuko merkatua martxan paratu zuen, erosketak egiteko poltsa berrerabilgarriak banatu zituen, eta bertze hainbat ekimen egin zituen hondakinen sorreraren prebentzioa bultzatzeko, biohondakinen birziklapena sustatzeko eta, oro har, gainerako hiri-hondakinen (bilketa eta balorizazioa) kudeaketa hobetzeko kanpainak garatu zituen.

Bertzetik, Urte Anitzeko Funtsak deialdiaren bidez, 2023an eskualdean 4 auzoko konpostagune berri eraiki ziren, bana Ezkurran eta Labaienen eta bi Donezteben.

Azken bi urteetan egin diren ekintza horien ondorioz, bertze ekimen batzuekin batera, mankomunitateak sortutako hondakinen birziklapena %5 igo da; eta, horretaz gain, 30 tona hondakin murriztu dira.