MALERREKAKO MANKOMUNITATEAK BERDINTASUNAREN ALDEKO LAU KONPROMISO ETA 16 EKINTZA ONARTU DITU HURRENGO BI URTEETARAKO
Malerrekako Mankomunitateak emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lau konpromiso eta 16 ekintza onartu ditu. Aipatutako konpromiso sorta berdintasunari buruzko bigarren diagnostikoak identifikatutako emaitzetatik eratorri da.
Izan ere, 2022an Malerreka eta Bertizaranako emakume eta gizonen egoera ezagutzeko diagnostiko kuantitatiboa egin zuen mankomunitateak. Hau da, datu estatistikoen bidez desberdintasun egoerak identifikatzeko ariketa izan zen hura. Ikerketa horren emaitzak adierazi zuen Malerrekan berdintasun politikak abiatzeko beharra zegoela eta zenbait proposamen jaso zituen dokumentuak, tartean, gaian sakontzen jarraitzeko beharra.
Gauzak horrela, desberdintasun egoera horietara hurbildu eta hobeto ezagutzeko 2024an parte-hartzearen bidez egindako bigarren diagnostikoa egin du mankomunitateak Elhuyarren laguntzarekin. Malerrekako 40 pertsona inguruk hartu dute parte prozesuan: Malerrekako udal guztietako ordezkariak, udaletako eta mankomunitateko langileak, eta hainbat herritarrek ere.
Herritarren izenean parte hartu dutenen artean aipatzekoak dira ordezkari hauek: Erreka kirol elkartea, Erreka guraso elkartea, Burrunba gazte taldea, Talde Feminista eta etxeetan “interna” moduan lan egiten duten emakumeak.
Konpromisoak eta bide-orria zehazteko Nafarroako Emakume eta Gizonen berdintasunerako Plan Estrategikoan oinarritu da dokumentua. Hauek dira zehatu diren konpromisoak.
- Malerrekako Mankomunitatea berdintasun politikak sustatzeko gaitasunez hornitzea.
- Malerrekako emakumeen bizi-baldintzak hobetzea; soldaten genero-arrakala eta pobreziaren feminizazioaren kontrako neurriak hartuz eta emakumeen enplegagarritasuna sustatuz.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren larritasuna ikusarazi, eta kasuen kudeaketa hobetzea.
- Malerrrekatarren artean berdintasunaren aldeko konpromisoa sustatzea; kalean, eskolan, aisialdian, eta abar.
Dokumentuan jaso diren zenbait ekimen esanguratsu dira berdintasun teknikari bat kontratatzea, berdintasun gaietan trebatzea udal ordezkariak eta administrazioko langileak, emakumeen enpleguak eta lanak balioan jarri eta aukerak hobetzea, indarkeria matxista kasuak artatzeko zerbitzuak Nafarroa iparraldera ekartzeko ekimena abian jartzea, zaintza beharrak eta kontziliazio beharrei erantzuteko zerbitzu kopurua zabaltzea eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko ahalduntze-eskola edo programazio finkoa eskaintzea urtero.
Malerrekako emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostiko parte hartzailea