BAI EUSKARARI GIDA

Kontsulta ezazu Malerrekako Bai Euskarari ziurtagiria dutenen gida.

 

EUSKARA

Malerrekako Euskara Zerbitzua 1989an sortu zen gizartearen arlo guztietan euskararen normalizazioa lortzeko helburuarekin. Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatearen baitan dagoen zerbitzua da. Ondoko lerrootan euskara zerbitzua zer den eta bertatik egiten diren lanak azaltzen saiatuko gara.

Lehendabizi, Malerrekako Euskara Zerbitzua sortzearen arrazoiak azalduko ditugu:

1.- Malerreka, eskualde arras euskalduna izan arren, euskara ez da bizitzaren arlo guztietan normaltasunez erabiltzen, izan ere, gaztelera anitz erabiltzen da eta zenbait eginkizunetan gaztelera bakarrik erabiltzen da.

2.- Gure eskualdeko herritarren jarrera, oro har, euskararen aldekoa da, hau da, herritarrak bizitzaren arlo guztietan euskara erabiltzearen aldekoak dira.

3.- Euskararen erabilera indartu, normalizatu eta areagotzearen aldeko jarrera izan arren, hori ez da bere gisa lortuko. Gaztelera euskara baino hizkuntza indartsuagoa denez, behar beharrezkoa da euskarari laguntza handiagoa ematea, bere normalizazioa lortu ahal izateko.

Zer da Euskara Zerbitzua?

Mankomunitatearen zerbitzu publikoa da eta eginkizun hauek ditu: euskara normalizatu eta indartzeko lanak planifikatzea, antolatzea, koordinatzea eta gauzatzea. Lan hau aitzina eramateko, beste hainbat erakunderekin elkarlanean aritzen da, bai Malerrekakoak, baita Malerrekatik kanpokoak ere.

Euskara Zerbitzuaren funtzionamendua:

Euskara Zerbitzua Malerrekako Mankomunitatearen baitan dagoen zerbitzu publikoa da. Hortaz, herriko etxeetako ordezkariak dira zerbitzu honen buruak. Horrela, Euskara Zerbitzuak Mankomunitateak erabakitzen duen hizkuntza politika gauzatzen du. Helburu hori erdiesteko Malerrekako Mankomunitateak euskara normalizatzeko plangintza onartzen du urtero, plangintza hau betetzea da Euskara Zerbitzuaren ardura nagusia.

Honez gain, Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordea aipatu behar da, Herriko Etxeetako alkate eta zinegotziak, euskaltegiko ordezkaria eta, oro har, euskaltzaleek osatzen dute. Batzordea irekia da, euskararekiko interesa edo ardura duten Malerrekako herritar guztiei irekia dago eta hilabetean behin biltzen da.

Bertzeak bertze, Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak aitzina eramaten dituen egitasmo nagusiak:

  • Familia programa eta transmisio kanpaina
  • Udal langileendako euskara ikastaroak
  • Helduen euskalduntze-alfabetatze kanpaina
  • Solaslaguna mintzapraktika egitasmoa
  • Hizkuntza aholkularitza eta itzulpen zerbitzua
  • Malerrekako egoera soziolinguistikoa aztertzea
  • Bai Euskarari Ziurtagiria
  • Malerreka Kantuz
  • Malerrekan bertsolaritza bultzatzea
  • Euskarazko produktuen katalogoa
  • Album ilustratuak sortzeko Etxepare Saria
  • Literatur solasaldiak
  • Diru-laguntzak eskaintzea: Eskualdeko euskarazko hedabideei eta euskaltegiari, errotuluak euskaraz paratzeagatik, langabetu eta ikasleek euskaraz ikasteko edo trebatzeko, euskarazko kultur jarduerak antolatzeko...