NOLA EZAGUTU ZEIN DEN KONPOST ONA

Usaina: Basoko lurraren usaina baldin badu ongi konpostatua dagoenaren seinale da
eta lasai erabil daiteke. Amoniako edo ustel kiratsa baldin badu berriro konpostatu behar da, hondakin lehorrak eta nitrogeno ugarikoak gehituz eta multzoa aireztatuz. Usainik ez baldin badu edo lur idorrarena badu, gehiegi usteldu denaren seinale da.

Hezetasuna eta egitura: Ongi egindako konpostak egitura laxoa eta bikortsua du. Konpost eskukada bat hartu eta eskuarekin estutzerakoan tantarik botatzen ez baldin badu eta papurtzen ez bada, konposta ongi egina dago. Konposta papurtzen bada, lehorregi dago. Eskuarekin estutzerakoan ura botatzen badu, hezeegia dagoenaren seinale da.

Kolorea eta itxura: Ongi egindako konposta kolore ilunekoa da eta jatorriko osagaiak bereiztezinak dira.
Jatorriko osagaiak ikusten badira, konposta ondu gabe dago. Gris edo xuri antzeko kolorea baldin badu, konposta lehorregia dagoela edo onddoak daudela erakusten du.