Irailaren 29an Euskaraz bizi nahi dut lasterketa herrikoia Donezteben

Aurten bigarren aldiz antolatuko dira Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren baitan kokatzen diren herri-lasterketa hauek. Euskaraz bizi nahi duten herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekimen honetan parte hartzera.

Euskal Herrian hainbat lasterketa eginen dira, Malerrekakoa irailaren 29an, igandea, eginen da, Donezteben. Lasterketa Udaletxeko atarian hasiko da.

Lasai eginen dugu korrika, asmoa ez da lasterketa konpetitibo bat egitea, jai giroan ondo pasatzea baizik. Are gehiago, lasterketak ez du sailkapenik izango eta ez dago zertan ibilbide osoa egin, nahikoa da izena ematea eta nor berak ahal duen arte korrika egitea.

Bost lasterketa eginen dira, ibilbidea Erreka Kirol Elkarteak prestatu du:

  • Txikiak (0-5 urte ): 200 m.
  • Infantilak (6-10 urte): 450 m.
  • Kadeteak: (11-14 urte) 900 m.
  • Jubenilak (14-18 urte): 2.200 m.
  • Helduak ( 18 +): 4.400 m.

Txikien lasterketa goizeko 11:00etan hasiko da eta helduena 12:00etan.

Lasterketa bukatzean parte-hartzaile bakoitzari diploma bat banatuko zaio eta ondoren zozketa bat eginen da parte hartu duten pertsonen artean.

Lasterketan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Horretarako, bi aukera daude:

  1. Aurretik, internet bidez egin daiteke, www.euskarazbizinahidut.org webgunean. Hala eginez gero, lasterketa egunean ziurtagiria ekarri beharko duzue antolatzaileok dortsala emateko.
  2. Lasterketa egunean bertan ere eman ahal izango da izena, Udaletxeko atarian, 10:30etik aurrera, horretarako propio jarriko ditugun mahaietan.  Izena emateko:
    1. Haurrek (15 urte baino gutxiagokoek):  2 euro
    2. 15 urte baino gehiago dituztenek: 5 euro.

Egunean bertan, lasterketan parte hartzen dutenek Euskaraz Bizi Nahi Dut kamisetak 5 eurotan erosi ahal izanen dituzte (normalean 10 eurotan egoten dira salgai).

Irailaren 29an Euskaraz bizi nahi dut lasterketa herrikoia Donezteben