Urriaren 4an hasiko da Malerrekako Kultur Ibilbidea

Malerrekako Euskara Zerbitzuak, Sunbillako, Elgorriagako, Beintza-Labaiengo eta Urrozko Udalek Malerrekako Kultur Ibilbidea antolatu dute. Kultur ibilbide hau antolatzen den bigarren urtea izanen da. Ibilbideak iaz izan zuen arrakasta ikusita, 2014an berriz ere egitarau erakargarri bat antolatu dute. Kultur Ibilbide hau 2014ko urrian eginen da.

Honela, kultur jarduera hauek osatuko dute ibilbidea:

URRIAK 4: BEIRA. Sunbillako Ariztigain kanpinean. 19:30ean.

Musikatutako bertsoak eskaintzen ditu Beirak. Mimatutako letrak eta mimoz jotako notak.

Jon Martin bertsolariak eta Igor Arruabarrena gitarra joleak osatzen dute Beira. Oraindik txupeteari tiraka zebiltzanean ezagutu zuten elkar Igor eta Jonek. Oiartzuarrak dira biak jaiotzez eta pare bat asteko diferentzia besterik ez dute.

2006an konposatu zuten lehen kantua eta geroztik abestiak sortzen joan dira poliki-poliki.

Dagoeneko bi diskotan argitaratu dira beraien lanak, Dena ez denean da beraien lehen lan luzea. 10 kanta bildu dituzte disko honetan. Bertso sortetatik abiatutako kantuak dira gehienak, baina badira abestietatik abiatutakoak ere.

Aurten 800 dukado Sunbillako emakumezkoen maratoiaren kantua konposatu dute.

URRIAK 11:  IMUNTZO ETA BELOKI. 17:00. Elgorriagan.

Kepa Junkerak eta Joseba Tapiak irekitako bide berritzailetik, Juan Ramon Azpitarte Imuntzo-k (soinu txikia) eta Eleuterio Jauregi Beloki-k (panderoa, ahotsa) erritmo berriak erantsi dizkiote trikiti tradizionalari 1991n elkarrekin jotzeari ekin ziotenetik: tex-mex, cajun, country... Ibilbide oparoa garatu dute hogei urtean, zortzi disko kaleratu baitituzte eta ehunka plaza eta erromerietan aritu, betiere umorea, giro ona eta dantzarako gogoa ekarriz.

Imuntzo eta Belokiren emanaldiaz gain, eguerdian gaztagintza erakusketa bat eginen da eta 14:00etan herri bazkaria egonen da.

URRIAK 18: MIKEL MARKEZ ETA ERRAMUN MARTIKORENA. Beintza-Labaiengo elizan.19:00etan.

Belaunaldi ezberdinetakoak badira ere, taulak batu egin ditu Mikel Markez eta Erramun Martikorena. Oharkabean, hau da, "elkarrekin kontzertuak ematen hasiko gara" esan gabe egin dute bat, adierazi izan dutenez. Bada, bategite hori aurrez aurre ikusteko aukera izango dugu Beintza Labaienen urriaren 11n.

URRIAK 25: KIKI, KOKO ETA MOKO. Urrozko frontoian. 17:00etan.

KIKI, KOKO eta MOKO pailazo taldea 1988an sortu zen, nahi eta lehenago ere 10 urteko ibilbidea egina zuten beste proiektu batzuetan.

Pailazo bakoitzak bere izaera du: KIKI pailazo jostalaria da, KOKO alaia eta MOKO inozoa. Pertsonaia hauek esketx ezberdinak aurkezten dituzte emanaldiaren arabera eta, zirkoko teknika mota desberdinez baliatzen dira: monozikloa, malabare-jolasak, pilotak eta diaboloak besteak beste. Hau guztia, musikaz alaitua eta haurren parte-hartzea bultzatzen duten jolas eta dantzekin lotuz.

 

Urriaren 4an hasiko da Malerrekako Kultur Ibilbidea