"Malerreka. Maldan goiti eta beheitiko kontuak, erreka bazterreko kantuak" dokumentalaren aurkezpena

Maiatzaren 28an, ostegunarekin, dokumentala aurkeztuko dugu Doneztebeko zineman, 20:00etan izanen da.

Malerrekako Mankomunitateak Euskokultur Fundazioarekin elkarlanean, ahozko ondarea biltzeko lana osatu zuen. Maite Lakarrek egin zuen bilketa lana, 2006-2008 epealdian. Guztira 56 herritar grabatu ziren; bideoan grabatuta gelditu dira, guztira 140 ordu inguru. Dokumentala grabazio horien lagin bat da.

Erabat parte hartzailea izan da dokumentalaren grabazioa. Beren testigantzak eman zituzten 56 gizon-emakume horiez gainera, beste horrenbeste lagunek parte hartu dute grabazioetan, dokumentalaren ideia eta gidoia lantzen edota horretarako behar izan den materiala utziz.

Dokumental honen bitartez Malerreka, Bertizarana, Basaburu Txikia eta Sunbillako sehaskan sartu eta bertako kontu eta kantuekin amets egitera gonbidatzen zaitugu. XX. mendean bertako ohiturak, lanbideak, sinesmenak eta bizimodua nolakoak ziren kontatzen duten 56 lagun elkarrizketatu ditugu eta haiek dira lan honetako benetako protagonistak. Haien solasek kulunkatuko gaituzte maldaz malda eta errekaz erreka. 

Emanaldiaren ondotik DVDa erosteko aukera izanen da.

Trailerrak hemen klikatuz ikus daiteke.

"Malerreka. Maldan goiti eta beheitiko kontuak, erreka bazterreko kantuak" dokumentalaren aurkezpena