IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU, irakurzaletasuna bultzatzeko ekimena Malerrekan.

• Martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31 bitartean gauzatuko da 52 herri eta eskualdetan. Aurtengoa inoizko kopururik altuena da. Ekimenak 11. edizioa du, baina lehenengo aldiz eginen da Malerrekan.
• Antolatzaileak: Euskaltzaleen Topagunea eta Malerrekako Mankomunitatea.

Ekimen honek irakurzaletasuna bultzatu nahi du, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera bultzatuz. Ekimenak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak ematen ditu eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
1) Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izanen dugu.
2) Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emanen digu, zehaztutako liburu dendan erabiltzeko.
3) Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emanen digu.
Apirilean eta maiatzean, 30 euroko balioa duen erosketa txeke bana zozketatuko du liburutegiko arduradunak, hile bakoitzean irakurketa fitxa bete dutenen artean.
Martxoaren 20an abiatuko da Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimenaren 2017ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izanen du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 10 artekoa izanen da.

Liburutegia: Doneztebeko liburutegi publikoa
Liburu denda: Ostiz (Doneztebe)

IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU, irakurzaletasuna bultzatzeko ekimena Malerrekan.