BISITARIEI ESKUALDEKO HIZKUNTZA ERREALITATEAREN BERRI EMATEKO ESKU-ORRIA

• Esku-orriak Aste Santutik aurrera egonen dira hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenetan.
Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoaren laguntza jaso dute argitalpena turisten artean banatzeko.

Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako euskara zerbitzuek eskualde hauetara datozen turistentzako argitalpena prestatu dute, eskualdean euskarak duen presentzia nabarmentzeko eta turistei euskarara hurbil daitezen gonbidatzeko.

Eskualde hauetako promozio turistikoa lantzen denean, bertako paisaia, baliabideak, kultura, ohiturak eta tokiak kontuan hartzen dira. Baina ez da ematen bertako hizkuntza errealitatearen berri, eta euskara ere bada Baztan, Malerreka eta Bortzirien marka. Gabezia horri ere aurre egin nahi dio argitalpen honek.

Argitalpenak Baztan, Bortziriak eta Malerrekako hizkuntza errealitatearen berri ematen duen azalpentxo bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingeleraz. Azalpen horretan azpimarratzen da eskualde hauetan euskara hizkuntza bizia dela, eta horrez gain bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. Horretarako oinarrizko hiztegi bat erantsi da, gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelerara itzulia. Horrekin batera QR kode bat agertzen da, www.hiztegitxoak.eu orrialdera eramaten duena; bertan euskarako hiztegia hizkuntza gehiagotara itzulia aurki daiteke (eta alderantziz).

Argitalpen honen 25.000 ale egin dira, eta Aste Santutik aurrera egonen da hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenetan.

Edozein kasutan, turismo arloko edozein eragilek edo elkartek argitalpenaren ale batzuk eskuratu nahiko balitu, nahikoa luke Bortziriak, Baztan edota Malerrekako euskara zerbitzuekin harremanetan jartzearekin.

Aipatu bezala, argitalpena hiru eskualdeetako euskara zerbitzuek prestatu badute ere, elkarlanean aritu dira bertako turismo arloko eragile nagusienekin, zehazki Uraren Bailarak eta Baztan Bidasoa Turismo Elkargoaren laguntzarekin. Bi erakunde horiek argitalpenaren zabalkundean lagunduko dute.

BISITARIEI ESKUALDEKO HIZKUNTZA ERREALITATEAREN BERRI EMATEKO ESKU-ORRIA