Era.eus webgunearen aurkezpena

Egungo gizartean pertsonen eleaniztasuna gero eta gehiago baloratzen den testuinguruan, Nafarroako familia askok aukeratzen du euskarazko irakaskuntza, horrela bere seme-alabek etorkizunean aukera gehiago izanen dituztela pentsatzen dutelako.

Familia horien ingurunea askotarikoa da; familia batzuk euskara asko erabiltzen den eremuetan bizi dira, beste batzuk euskara horrenbeste erabiltzen ez denetan. Honetaz gain, haur horien familiak ere anitzak dira, zenbait kasutan familia osoak euskaraz daki, beste zenbaitetan, aldiz, ez.

Euskaraz ikasten duten haurren guraso askok, euskaraz jakin ala ez, toki-entitateetako euskara zerbitzuetara jotzen dute hainbat zalantzekin. Guraso horien helburua argia da; jakin nahi dute nola laguntzen ahal duten seme-alaben hizkuntza-garapenean.

Eskaera horiek kontuan hartuz, Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuk, tartean Malerrekakoak, sortu dute www.era.eus webgunea euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko. Haurrek ikastetxeetan dagokien adinerako ezagutzak eta gaitasunak jasotzen eta garatzen dituzte, baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea egokia da, esaterako, etxean, kultur jardueretan edo eskolaz kanpoko jardueretan.

Zalantza horietako asko bulegoetan edo antolatzen diren bestelako jardueretan argitzea tokatzen zaie euskara zerbitzuetako langileei. Hemendik aurrera zalantzak horrela argitzeaz gain, webgune honen bitartez ere eginen da. Baina horretaz gain gurasoentzako interesgarria izan daitekeen bestelako informazioa ere emanen da.

Familiek dauzkaten beharren arabera guri helarazitako eskaerek aberastuko dute webgunea eta, denon artean, belaunaldi berriak euskaraz hazteko bidea.

Webgunearen eduki garrantzitsuenak:
Aipatu den bezala, webgunearen bidez euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaini nahi zaizkie. Hauek dira webguneko zatirik esanguratsuenak:
• Gurasoen ohiko zalantzak argitzeko informazioa ematea.
• Interneten haurrentzat prestatutako edukiaren bilduma egitea, esaterako ipuinak, jolasak, musika, aplikazioak
0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eskolaz kanpoko jardueren bilduma (kirola, ikastaroak, ludotekak…)
• Haurrentzako euskarazko eskaintzaren berri emanen duen agenda eskualdeka antolatua.

Era.eus webgunearen aurkezpena