Euskarazko Produktuen Katalogoa banatu dugu

Dagoeneko banatu diegu Malerrekako familiei Euskarazko Produktuen Katalogoaren paperezko alea. Garai aproposean dator katalogoa; izan ere, garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburu, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta opari egiteko aukera paregabea izaten da, eta zeregin horretan katalogoak dezente laguntzen du.
Data hauetan katalogoa paperean banatu badugu ere, katalogoa urte osoan eskuragarri dago www.katalogoa.eus webgunean, aldi oro eguneratua eta produktu berriz hornitua.
Bilaketak erraz egiteko antolatua
Katalogoko produktu guztien artean bilaketa arindu eta errazteko, bi atal nagusitan banatua dago (bai paperekoa bai webgunekoa): 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua den atala batetik, eta bertzetik, 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua dena. Webgunean, Bilaketa aurreratua dioen ataltxoan klikatuz gero, bilaketa hainbat parametro elkarren artean konbinatuz ere egin daiteke, konparaziora: produktu mota, prezioa eta argitaratze urtea bilatuz; edota argitaletxea, produktu mota eta adina; eta horrela nahi bezain bertze konbinazio.
Webgunetik aukera gehiago
Durangoko Azokari begira argitaletxeek azkeneko orduan ateratzen dituzten berrikuntzak, epeengatik paperezko edizioan jaso ezin direnak, KATALOGOA.EUS webgunean aurkituko ditu erabiltzaileak. Izan ere, KATALOGOA.EUS urte osoan berritzen doan webgunea baita, nobedadeak sartuz, deskatalogatu diren produktuak kenduz eta, beraz, etengabe hazten ari da jasotako erreferentzien kopurua. Dagoeneko 6.000 produktu inguru biltzen ditu 2 atal nagusien artean.
Behin bilaketa egin ondotik, produktu bakoitzaren fitxan hari buruzko daturik garrantzitsuenak ikusiko ditu erabiltzaileak (azalaren irudia, titulua, autorea, argitaletxea, produktuari buruzko azalpena, argitaratze urtea, prezioa, e.a.) eta, bakarren bat begiz joz gero, argitaletxearen webgunera sartzeko esteka izanen du Non eskuratu botoian klikatuta.
KATALOGOA.EUS webgunetik beste webgune interesgarri batzuetarako sarbidea eskaintzen da eta baita azken nobedadeekin puntualki argitaratzen den buletin elektronikora harpidetzeko ere, hala nola Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera.
Aurtengoa 19. edizioa da eta Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuek elkarlanean prestatu dute, ohi bezala, eta guztira 125.000 ale banatu dira Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Euskarazko Produktuen Katalogoa banatu dugu