Martxoaren 7an Euskaraldiaren aurkezpena Malerrekan

Martxoaren 7an,19:00etan, Euskaraldiaren aurkezpena eginen dugu Donezteben, mankomunitatearen egoitzan.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Euskaraldia Euskal Herriko hainbat herri mugimenduk eta erakunde publikok antolatzen dute. Ekimenaren bitartez hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen da.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen duten pertsona guztien artean euskaraz aritzeko deia eginen da.

11 egun horietan zehar hiztunek bi rol hartzen ahalko dituzte:

  • Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz eginen dio pertsona horrek, hark gazteleraz erantzunda ere. Ezezagunei lehen hitza euskaraz eginen die.
  • Belarriprest: Euskara ulertzen duen pertsona da. Pertsona hauek nahi dute haiei euskaraz egitea, nahiz eta gazteleraz erantzun dezaketen.

Euskaraldiaren bidez zer lortu nahi da?

  • • Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
  • • Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
  • • Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren erabakia eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
  • • Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.

Informazio gehiago: https://euskaraldia.eus/

Martxoaren 7an Euskaraldiaren aurkezpena Malerrekan