Irakurri, gozatu eta oparitu ekimena Malerrekan

Irakurri, gozatu eta oparitu (IGO) ekimena abian egonen da martxoaren 12tik maiatzaren 31ra Nafarroako 16 herri eta eskualdetan. Ekimen honen helburua da adin guztietako pertsonen artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzea.

IGO Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du hainbat euskaltzaleen elkarte, liburutegi eta liburu-dendarekin elkarlanean eta 2018koa 12. edizioa izanen da.

Izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu erraz emanda parte har daiteke:

  • Irakurri: Lehen pausoa euskarazko liburu bat irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da.
  • Gozatu: Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta horren inguruko iritzia. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
  • Oparitu: Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emanen du.

Liburutegia: Doneztebeko liburutegi publikoa
Liburu denda:Ostiz (Doneztebe)

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimena Malerrekan