2018-19 ikasturtean euskara DOAN ikasteko edo hobetzeko aukera izanen dute Malerrekan erroldatutako biztanleek

Aurreko astean MUSUTRUK filmaren trailerra zabaldu genuen. Ez dago ordea Musutruk izeneko filmik. Izan ere, Musutruk Bortzirietako eta Malerrekako euskara zerbitzuen kanpaina da herritarrak euskara ikastera eta hobetzera animatzeko. Irailaren 5ean aurkeztu dute kanpaina Malerrekako eta Bortzirietako alkate eta zinegotziek.

2016an Bortzirietako Euskara Mankomunitateak erabaki zuen euskara ikastea edo hobetzea doan izatea, 2018an Malerrekako Mankomunitateak ere erabaki bera hartu du.

Bi mankomunitateen ustez, Bortzirietan eta Malerrekan erroldatuta dauden biztanleek eskubidea dute bertako hizkuntza jakiteko, eta eskubide hori bermatzea erabaki dute horretarako baliabideak jarriz.

Bi eskualdeetan euskaraz dakien eta egunerokoan erabiltzen duen pertsona asko dago, baina ezagutza ez da unibertsala (%20k ez du ongi menperatzen); bi erakundeen ustez, oraindik pertsona askok ikas dezake euskaraz hitz egiten edo behintzat ulertzen.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak argi dute euskara jakiteak ateak irekitzen dituela eta bizi baldintzak hobetzen dituela.

IKASTAROEN INGURUKO INFORMAZIOA ETA IZEN EMATEA:

Tokia: Malerrekako Euskaltegia: Rosa Seminario karrika, 6. Doneztebe. 948 451 555

Epea: Irailak 3-28

DIRU-LAGUNTZA DEIALDIAREN INGURUKO INFORMAZIOA:

Malerrekako Mankomunitatea: 948 451 746 / www.malerrekakomankomunitatea.eus

 

Argazkian Zubieta, Doneztebe, Ituren, Arantza, Igantzi eta Etxalarko ordezkariak