Mankomunitatea
1993ko uztailean, Malerrekako eskualdea osatzen duten udalek hartutako erabakiaren bidez, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea sortu zen. Helburua, Malerrekako udalen topagune bat sortzea eta ondoko zerbitzu hauek eskaintzea izan zen: Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren eta Zubietako ur hornidura; hiri hondakinen bilketa eta tratamendua; euskara; gizarte zerbitzuak eta Malerrekako gizarte etxebizitzen kudeaketa.
Aipatutako zerbitzu hauek eskaintzeaz gain, Malerrekako Mankomunitatearen helburu nagusietako bat Malerrekako eskualdea osatzen duten udal guztiendako topagune bat eskaintzea da, elkarlanean aritzeko eta herri guztiei eragiten dieten arazoen aitzinean konponbideak eskaintze aldera.
Gaur egun Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea Malerreka eta Bertizaranako udalerri guztiez osatua dago. Ondokoak dira mankomunitatea osatzen duten udalak: Beintza-Labaien, Bertizarana, Doneztebe, Donamaria, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Ituren, Oiz, Saldias, Sunbilla, Urroz eta Zubieta. Eskualdeak guztira 305 km2ko eremua hartzen du eta bertan 5.500 pertsona inguru bizi dira.
Webgune honen bidez gure erakundeak eskaintzen edo antolatzen dituen programa, zerbitzu eta jarduera guztien berri eman nahi dugu. Horretaz gain, mankomunitatearen egitura eta barne antolakuntza ezagutzera eman nahi ditugu. Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuen funtzionamendu egokirako ezinbestekoa jotzen dugu gardentasunean eta zerbitzuen horien hedapenean ahalegin berezia egitea.
Azkenik, erakunde honek Malerrekako herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetzeko mankomunitatea osatzen dugun langile eta udal ordezkari guztien ilusioa, gogoa eta konpromiso irmoa berretsi nahi dugu.
Jon Telletxea Juanenea
Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Lehendakaria